Berriobeitiko Euskara Zikloa

Berriobeitin euskara zikloa ospatuko dute ekainaren 1etik 6ra. Udal Kultura eta Euskara Batzordeko zinegotziek “zubiak eraikitzen” leloa duen zikloa aurkeztu dute. Titulu horrek euskaldunei zein euskara ez dakitenei zuzendutako zikloaren espiritua sinbolizatzen du. Sonakay taldearen kontzertua da ziklo honetako plater nagusia, hain zuzen ere, flamenkoa euskaraz kantatzeagatik ospetsu egin dena. Talde honek duen kalitateagatik gaur egungo musikaren panoraman erreferentzialtasun handia lortu dute musikariek. Hain zuzen ere, Sonakayk agerian uzten du musikak ez duela muga idiomatikorik, musika kulturen eta hizkuntzen arteko zubia bihurtzen delako.

Honetaz gain, eta bereziki publiko ez-euskaldunari zuzendua, Euskara maitatzen hasteko hitzak izeneko erakusketa antolatu da. Erakusketa honen helburua hizkuntza ezagutzen ez duten pertsonak euskarara hurbiltzea da, hitz berezien esanahian oinarrituriko ibilbide poetiko baten bidez.

Aurrekoarekin batera, euskarazko jarduera ugari ere eskaintzen dira. Horien artean nabarmentzekoa da Oskar Estanga artistaren bertsolaritza musikatuan oinarrituriko Gurerara ikuskizuna. Era berean, bi ikus-entzunezko saio eskainiko dira: Iñaki Alforja zuzendariaren Euskaraldiari buruzko Biziprest dokumentalaren aurkezpena eta euskarazko film laburren Laburbira gala.

Haurrei zuzenduta, alde batetik haurrentzako jolasen bi saio izanen dira kalean eta, bestetik, zikloari amaiera borobila emateko Zirika Zirkus konpainiaren Hemendikara ikuskizunaren estreinaldia izanen da.

Ekitaldi gehienak ekainaren 1etik 6ra bitartean ospatuko dira eta Berriobeiti zendeako hainbat herritan egingo dira. Jarduera guztiak doakoak dira eta informazio guztia udalaren webgunean  ikus daiteke.

Go to Top