Aste honean ezagututako epaian heldu denez, Nafarroako Auzitegi Nagusiak Palacio de Arozteguiaren apelazioa baztertu du eta ez du onartu Lekarozko San Martzial ermita, Aroztegiko ermita bezala ere ezaguna dena, Palacio de Arozteguiarena denik. Horrela, Baztango Udalari eta Lekarozko herriari parte batez arrazoia eman die, Lekarozko herriak beti erran baitu ermita ez dela Palacio de Arozteguiarena.

Epai honekin 2019ko urtarrilan emandako epaia berretsi du Auzitegi Nagusiak. Orduko horretan Palacio de Arozteguiak Baztango Udalaren kontra jo zuen; Lekarozko herriaren eskariz ermitaren jabetza argitzeko Baztango Udalak abiatu zuen ikerketa espedientearen kontra, hain zuzen. 2019ko epaiak erran zuen ermita ez zela Palacio de Arozteguiarena, hori horrela, epailearen erabakia apelatu zuen sustatzaileak eta aste honetan jakin da Auzitegi Nagusiaren erabakia, apelazioa ezesten duena. Epaiak argi erraten du ez dagoela frogatua ermita Palacio de Arozteguiarena denik, horrela, 2009an sustatzaileak egindako segregazioa eta ermitaren erregistroa ez ditu ontzat eman.

Gauzak horrela, bere garaian hasitako Ikerketa espedientearekin jarraitzen ahalko du Baztango Udalak, ermitaren jabetza Lekarozko herriarena dela aldarrikatzeko eta eskrituratzeko. Modu berean, Aroztegiko banaketa eremuaren birzatiketa planaren ez ohiko berrikusketa egiteko aukera
ere irekitzen du epaiak. Aldi berean, epai honek erakusten du Palacio de Arozteguiaren jokabidea denbora guzti honetan, berea
ez den ondasun bat, kasu honetan Lekarozko herriaren ermita, bereganatu zuelako berea izan gabe.

Halaber, aipagarria da ere, Lekarozko herritarren lurrak eta Baztango herri-lurrak Aroztegiko banaketa- eremuan sarrarazita eskuratu zituela Palacio de Arozteguiak, jabeen nahiaren kontra.