Iaz, pandemiaren harira, izandako etenaldiaren ostean, ohiko harrera egin die euskaltzainei
Ikastolen Festak hartzen duen hiriak. Lizarra izan da aurten.
Nafarroa Oinez 2021 azken txanpan dago, izan ere, duela bi urte abiatutako ibilbideak eten bat
izan du. Covid-19a dela eta, bertan behera geratu zen ez soilik eguna bera, baizik eta urte osoan
zehar euskararen festa ospatzeko iragarritako ekitaldi guztiak ere. Ekitaldi horietako bat zen
Euskaltzaindiak festa antolatzen duen lekura egiten duen bisita, eta atzo, irailaren 17an,
ostiralarekin, egin ahal izan zitzaien harrera erakunde kulturaleko zortzi euskaltzainei. Ikastolak
Nafarroa Oinezekin aurrera egiteko apustua, ahalegina eta konpromisoa hartu zuen, eta urriaren
16an eta 17an ospatuko da festa, formatu ezberdin batean, izan ere, osasun egoerari egokitu
behar izan da -murrizketak, edukieren kontrola eta distantziak, eta abar-.
Euskaltzainek Nafarroa Oinezen ordezkariak zituzten zain 9:45etan: Marta Igoa, Nafarroa Oinezen
koordinatzailea, Joseba Tristan, Ikastolako zuzendaria eta Unai Gardoki, Ikastolako presidentea.
Koldo Leoz alkateak 11:30ean egin zien harrera. Leozek Lizarra Ikastolako ordezkariei euskararen
alde egiten duten lana eskertu zien. Ildo beretik, eta Lizarrako gainerako elkarteak ahantzi gabe,
AEK eta Garean Elkartearen lana ere goraipatu zuen. Bestalde, Lizarrako Udalak Euskaltzaindia
gustu handiz hartu duela aitortu zuen baita egun, elkarte eta erakundeen arteko elkarlanari esker,
Lizarra euskaldunagoa dela ere. Bere aldetik, Andres Urrutiak ere, Euskaltzaindiaren presidenteak,
ikastolako ordezkariak zoriondu eta eskertu zituen egiten duten lanagatik; Lizarrako Udalari
dagokionez, azken urte hauetan Administrazioa euskalduntzeko egin duen ahalegina aitortu zion.
Euskaltzaindiaren goiburuari erreferentzia eginez, Ekin eta Jarrai, lanean jarraitu beharra dagoela
esan zuen.
Udaletxeko saioa amaitutakoan ikastolara hurbildu ziren euskaltzainak. Bertan, Josu Reparaz eta
Elena Zabaleta zituzten zain, Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendaria eta presidentea, hurrenez
hurren.
Lizarrako ikasleek kantu bat eskaini zieten ongi etorri gisa eta ostean, hiru taldetan banatuta,
segurtasun neurriak errespetatze aldera, gelaz gela ibili ziren. DBH 1. mailako ikasleek Txikiak
Handi manifestuarekin bat egitera gonbidatu zituzten euskaltzainak, hizkuntza gutxituen
handitasuna aldarrikatzen duen Nafarroa Oinezen proiektu iraunkorra, hizkuntza gutxituen
hiztunen arteko harremanak sendotzeko asmoz sustatutako ekimena.
Arratsaldez, Iñaki Rifaterra artistaren eskutik Ruan barna bisita gidatua izan zuten. Arratsaldeko
17:00etan amaitu zen egun oparoari amaiera emateko modu bikaina izan zen