Euskarabideak-Euskararen Nafar Institutuak euskarazko bi proiektu digital berri aurkeztu ditu; euskararen inguruko podcast bat, eta Mattin eta Kattalin, haurrentzako web orriko bideo berriak.
Alde batetik, Nafarroako euskararen gainean bi podcast ekoiztu ditu, bat euskaraz, “Euskara aleka”, eta beste bat, gaztelaniaz, “Ecos del euskera”. Podcast bakoitza 26 atalek osatzen dute. Atal bakoitzak 4-6 minutuko iraupena du eta Nafarroako euskararen historia eta hainbat bitxikeria ezagutzeko parada ematen du. Entzungai hauek Nafarroako Gobernuaren lehen podcastak dira.
Podcastak esteka honetan daude entzungai: https://www.euskarabidea.es/
Bertzalde, www.mattinetakattalin.eus webgunean bideo gehiago gehitu ditu. Proiektu honen helburua Nafarroako euskarazko ahozko tradizioa, zehazki haur folklorea, ikus-entzunezko ludikoen bidez zabaltzea da. Horretarako haurrendako eta familiendako zazpi bideo sortu dira eta Mattin eta Kattalin izeneko webgunean txertatu dira.
Gidoiak egiteko erabili diren grabazio original gehienak Euskarabidearen Mediatekan aurki daitezke, Mattin eta Kattalin atalean. Horrez gain, 2. denboraldiko kapituluak euskarazko azpitituluekin ikusten ahal dira, hala nahi izanez gero, eta bideo horien laburpenak eta piezen transkripzioak ere ikusteko aukera dago, euskara ikasten ari direnek edota irakasleek eskura izan ditzaten.