Pantailak Euskaraz ikus-entzunezkoetan euskarak duen presentzia eskasarekin arduraturik dauden hainbat herri ekimen eta eragilek sortu duten mugimendua da, egoera hau irauli eta euskarazko etorkizun bat lortzeko helburuz sortutakoa.
Streaming plataformetan euskararen presentzia sustatzeko sorturiko Netflix euskaraz eta Disney+ Euskaraz ekimenek, zinema aretoetan urteetan euskara sustatzen ari den Tinko Euskara Elkarteak, BIEUSE Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteak, eta, berriki abian jarritako Zinemak Euskaraz ekimenek osatzen dute.
Pantailakeuskaraz.eus web-orriaren bitartez sinadura bilketa ezberdinei indarra eman eta haien aldarrikapenak lau haizetara zabalduko dituzte datozen hilabeteotan. Euskarak pantailetan bizi duen egoerarekin kezkaturik dagoen herritar oro atxikimendua ematea animatu nahi dute.
Apirilean, Durangon, Netflix Euskarazek antolatutako agerraldiaz geroztik, eragile hauek egoeraren inguruko hausnarketa bat partekatu eta Euskal Herri osoko ikus-entzunezkoen sektoreko eta euskalgintzako eragile ezberdinekin bilerak egin dituzte, eta, eragile horietako hainbat pertsona erreferenterekin elkarlanean, euskarazko ikus-entzunezkoek eta euskarak ikus-entzunezkoetan bizi duen egoerari irtenbidea emateko aldarrikapen nagusi batzuk lantzen aritu dira. Aldarrikapen horiek babestu dituzte IBAIA Ikus-entzunezkoen Ekoizle Burujabeen Elkarteak, EHBE Euskal Herriko Bikoizleen Elkarteak eta NAPAR Nafarroako Ekoizleen Elkarteak. Horiez gain, euskalgintzako hainbat eragilek ere parte hartu dute aldarrikapenen lanketan.
Aldarrikapen taula hori tresna ireki bat da, Eusko Autonomi Erkidego, Nafarroako Foru Erkidegoko, eta Ipar Euskal Herriko ahalik eta eragile gehienen ekarpenekin osatu, eta kontsentsu handi bat izango duen EUSKARAZKO IKUS-ENTZUNEZKOEN ALDEKO MANIFESTU BAT lantzea izango da datozen hilabeteotako lana.