LABek ikerketa egiteko eskatu dio Osasunbideari hemoderibatuak zeramatzan gaztearen laneko istripuko heriotzaren gorabeherak argi ditzan

Iragan maiatzaren 17an Erriberrin gazte bat hil zen auto istripu batean. Gazte hura, une hartan, hemoderibatuak garraiatzen ari zen Nafarroako Ospitaleguneko odol bankutik Tuterako odol bankura. Alegia, Osasunbidearendako lanean ari zen, azpikontrataturiko enpresa baten bidez. Horregatik, LAB sindikatuak Osasunbideko langile batzordearen segurtasun eta osasun bileran eskatu du Erriberriko istripua lan istripu gisa aitortzeko eta bere inguruko gorabehera guztiak argitzeko.

Hain zuzen ere, LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGT sindikatuek elkarretaratzea egin zuten ekainaren 2an, eguerdian Iruñean, Osasunbidearen egoitzaren aitzinean, Erriberriko lan heriotza salatzeko. Lehenik eta behin, sindikatuek salatu dute ez azpikontrataturiko enpresak ez Osasunbideak ez dutela Erriberriko heriotzari buruzko inolako informaziorik eman.