Nafarroako ikastetxeetako aurrematrikulazio epea irekitzear dela eta, euskarazko ereduan matrikulatzeko deia egin dute hezkuntzako eta sindikatuetako ordezkariek

Guraso berrien oraingo erabakiak seme-alaben garapenean eta etorkizunean eragin handia izango duela azpimarratu dute

Euskalgintzako, hezkuntzako eta eragile sindikaletako ordezkari andana bildu zen atzo Iruñeko Katakrak aretoan euskarazko irakaskuntzaren alde eta gurasoei seme-alabak euskarazko ereduan matrikula ditzaten animatzera, bai eskola publikoko D ereduan, bai eta ikastoletan ere. Bertan izan ziren besteak beste, Euskalgintzaren Kontseilua, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Nafarroako Ikastolen Elkartea, Sortzen, NIZE, Dindaia, AEK, IKA, Topagunea, EHE, UEU, EMUN, ELA, LAB eta STEILAS.