Subiranotasunaren aldeko borrokaren sinboloa den Foruen Monumentuan agerraldia egin dute gaur, “Nafarroa Berriz Altxa-Soberania es libertad” ekimenaren xehetasun gehiago ezagutzera emateko eta antolatu dituzten bi ekimen aurkezteko.

Alde batetik, ekainaren 19an, 18: 00etan, Iruñeko Antoniutti parketik mobilizazioa izanen da eta bestetik, “Nafarroa Berriz Altxa – Soberania es libertad” dinamika bultzatzeko konpromisoa hartu duten artista nafarren zerrenda, egunero hazten ari dena, ezagutzen duten modurik onenean dinamikari ekarpena egiten: artearen bidez. Gorka Argandoña, Txema Esteban, Martintxo Alzueta, Exprai, Mara Goñi, Raúl Olóriz, Aitor Txarterina, Asisko Urmeneta, Tasio, Joana Etxebarria… izen horietako batzuk baino ez dira.

Horren harira, datozen egunetan sare sozialetan #nafarroaberrizaltxa hastagha erabiliz, honen inguruko ekarpen irudimentsu, sortzaile, artistiko eta parte-hartzaileak egitera jendea gonbidatzen dute. Horrela, sare horietan bakoitzarengan 500 urte geroago errebeldiaren eta desobedientziaren bidean jarraitzeko ideia zer iradokitzen duen eta zer pizten duen ikusi ahal izango da.