Duela urte batzuk hasitako norabidea galdu gabe, urriaren 15ean eta 16an Ondarea, Paisaia eta Globalizazioaren VII. sinposioa ospatuko du Nabarralde Fundazioak, oraingoan KultURA izenburupean. Bertan, urak ondare bezala euskal gizartean duen presentziaz arituko dira.

Nabarraldeko zuzendari Angel Rekaldek argitu moduan, “urak eremu asko hartzen ditu gure gizartean. Gure nortasunaren, gure historiaren, euskararen, inguratzen gaituen paisaiaren eta gure bizimoduaren parte da. Garraio-bide garrantzitsua ere izan da, gure industriako oinarrizko elementua. Gure lurra zizelkatu duten ibaiak, historian erabakigarria izan den itsas zabalera, emakumeen bilgune izan diren iturriak… Ibaiak, halaber, gatazka sozialaren muinean egon dira kasu batzuetan, baita Nafarroan ere”.

Hala, kultura, gizartea, identitatea, ingurumena edo historia bezalako arloak jardunaldi honen baitan uztartuko dira. Urriaren 15ean eta 16an garatuko da programa akademikoa, EHUko Iñaki Antigüedad politologo eta geologoaren hitzaldi batekin inauguratuko dena NatURA ondare, Herri onURA izenburupean.

Urriaren 15ean, 19:00etan Iruñeko Kondestablearen jauregian eskainiko den saioan urak ondare bezala duen balioaz hitz eginen du hizlariak, kulturan eta herrien bizitzan urak duen eraginaz. Urriaren 16an, goiz osoz, hainbat adituk euren hausnarketak ezagutzera emanen dituzte Nafarroako Museoan, kultura, historia, euskara edo paisaiak bezalako esparru desberdinetatik abiatuz. Jardunaldiaren egun handia izanen da. Amaia Apraiz zuzendariaren irekieraren ondoren, Camino Jasok (biologoa), Peio Iraizozek (eskultorea) eta Juan Martin Elexpuruk (hizkuntzalaria) euren hitzaldiak eskainiko dituzte, urak euskal kulturan duen presentziaren inguruan: erreken etorkizuna, mitologia eta toponimia izanen dituzte mintzagai, hurrenez hurren. Ondoren, paisaiaren gaia jarriko da erdigunean, Jokin del Valle (geologoa) eta Iñaki Uriarte (arkitektoa) hizlarien eskutik. Bai bata zein bestearen kasuan, hitzaldi VII. Simposio de Patrimonio, Paisaje y Globalización bisualak izanen dira, urak gure inguruan eta paisaian duen eragina hizpide izanen duen heinean. Paisaia begi-bistatik kendu gabe, Ainara Martínez Matía (Ondare Industrialaren eta
Lan Publikoaren euskal elkarteko kidea) adituak industriaren arlora jauzi eginen du bere hitzaldian, ondare industrialak zerikusi zuzena baitauka erreken eta, oro har, uraren gaiarekin. Baita garraiobideekin ere. Kasu honetan, Víctor Manuel Egia Astibia ikerlaria izanen da errekak Iratiko egur ustiaketaren baliabide bezala izan zuen garrantziaz mintzatuko dena. Bukatzeko, Fernando Sánchez Aranaz historialariak Ulibarri-Ganboa (Gasteiz) urpeko herriaren kasua ekarriko du erdigunera.

Hitzaldien ondoren, arratsaldean, Egia Astibiak berak gidatutako bisita bat eginen da Iruñeko leku desberdinetan zehar, Iruñeko iturrien historia hildo nagusitzat izanen duena. Urari lotutako iturri, putzu eta monumentu nagusiak ikusiko dira bisita gidatu honetan zehar, eta uraren ekarpenaren historiaz eta hiriko azpiegiturez hitz egingo da.

IZEN-EMATEAK, ZABALIK Jardunaldi nagusian izena emateko epea zabalik dago eta Nabarralde Fundazioaren webgunean egin daiteke. Inskripzioak 15,00 euroko prezioa dauka eta soilik larunbat goizerako saiorako da beharrezkoa. Ostiral arratsaldean ospatuko den Iñaki Antigüedaden irekiera saiorako sarrera doakoa da, larunbat arratsaldeko bisita gidaturako izen-ematea bezala, nahiz eta azken
honetan izena eman behar den, aforo mugak errespetatu ahal izateko.

Jardunaldia Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren babesletzari esker antolatu du Nabarralde Fundazioak. Halaber, hainbat laguntzaile izan ditu: Lizarrako Udala, Tuterako Beterri elkartea, Hernani Errotzen, Iturralde elkartea, AVPIOP-OILPEE, Martin Ttipia eta Ega Bizirik.