Iruñean Abenduaren 10eko uholdeen ondoren, ibai-lantaldeak areagotu egin du Argaren ur-bazterrak garbitzeko lanak. Aste hauetan, Iruñeko Udaleko ibai-parkeko mantentze-lanetako lantaldeak lana indartu du Arga ibaiaren ur-bazterretan, ahalik eta lasterren, pasa den abenduaren 10eko uholdeak pilatutako zaborrak, plastikoak, hondakinak eta adarrak kentzeko. Egun horretan, ibai-emariak azken hogei urteetako erregistro guztiak gainditu zituen, 600 m3-ak gaindituz eta Txantrea, Arrotxapea, Sanduzelai eta Landabenen zati bat urez betez.
Azken uraldi horretan, uraren indarrak arrastaka eraman zituen enbor eta zabor ugari, orain, urak behera egin duenean, agerian geratu direnak. Guztira, 12 pertsona eta hiru ofizial arduratzen dira garbiketa-lanak egiteaz, hiru taldetan banatuta.