Aurten ere, Iruñeko Udalak Antzerki Aroa antolatu du, euskarazko antzerki-zikloa. Maiatzean zehar hiru antzezlan programatu dira, eta maiatzaren 5ean eta 12an taularatuko dira, Nafarroako Antzerki Eskolan, eta maiatzaren 19an, Gayarre antzokian. Kazetaritza, adinekoen zaintza egoitzetan eta lurrarekiko errotzea dira antzezlanen gaietako batzuk. Sarrerak salgai daude txarteldegietan eta Nafarroako Antzerki Eskolaren eta Gayarre antzokiaren webguneetan, 8 eta 15 euroan, hurrenez hurren.

Zikloko lehenengo obra “Atzerrian lurra garratz” izanen da, Huts Teatro eta Artedrama konpainien eskutik.

Maiatzaren 12an, 19:00etan, Bonbon Beltz konpainia Nafarroako Antzerki Eskolako agertokira igoko da “Gure xaharrak” antzezlana aurkezteko.

Azkenik, Antzerki Aroa maiatzaren 19an, asteazkenarekin, amaituko da, 19:00etan, Gayarre antzokian, non “Sisiforen paperak”antzeztuko baita, Arriaga, Principal eta Victoria Eugenia antzoki euskaldunak eta Centro Dramático Nacional biltzen dituen Antzerkiz konpainiaren ekoizpen bateratua.

Eta gaia aldatuz, Iruñeko Udaleko Ingurumen Hezkuntzako lantaldeak datorren ikasturtean hiriburuko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeei eskainiko die, bosgarren urtez segidan, ‘eskola-baratzeen’ programan parte hartzeko aukera, zeinetan ikasleek jasangarritasunaren inguruko prestakuntza jasotzen baituten, teoria eta zentroan bertan egiten den praktika uztartuz. Horrela, ikasgelako jardueren osagarri, baratze ekologiko bat abiatuko da ikastetxeko instalazioetan eta ikasleek irakasleekin batera, urte osoan mantendu beharko dute ingurumen hezkuntzako lantaldearen aholkularitzarekin. Programa horretan parte hartu nahi duten ikastetxeek educacionambiental@pamplona.es helbide elektronikora eskaerak bidali ditzakete maiatzaren 14ra bitarte.

‘Eskola-baratzeak’ programaren helburu nagusia ingurumen hezkuntza txiki-txikitatik ikasgelara eramatea da, gizarte jasangarriago baten alde aurrera egin ahal izateko haurrengan aldaketa indibidual eta kolektiboak eragiteko. Horrela, eta ikastetxeetan bertan kokatutako baratzeetan haiek beraiek izandako esperientzia eta bizipenen bidez, ikaskuntza esanguratsua errazten da, eta ikasleek esperientzia eta balio etikoak, giza balioak, ingurumenekoak edo osasungarriak partekatzea lortzen da. Elikadura osasungarria eta hurbilekoa sustatzea ere lortzen da. Programa honen berezitasunei esker askotariko ezagutzak ikasteko ikasgela bat eskaintzen da eta hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartzea sustatzen da, eta aldi berean, eskolako patioak, bereziki, eta hiria, oro har, atseginago egin eta naturalizatzen dira.

‘Eskola baratzeak’ hezkuntza proiektua elkar osatzen duten bi zutabetan oinarritzen da: landa-lana eta ikasgelako jarduerak. Horrela, alde batetik, ikasleek beren baratze ekologikoa abiatuko dute hezkuntza-komunitate osoaren laguntzarekin. Irakasleek, ikastetxeko langileek eta familiek modu aktiboan laguntzen dute prozesuan, planteamendua baratze bat abiatzetik haratago joatea eraginez eta partaidetza eta lankidetza balioak emanez. Bestalde, lana ez da soilik kanpoan gelditzen, eta ikasgelara ere eramaten da, curriculumean txertatuz baratzearekin lotuta egin daitezkeen diziplina anitzeko jarduera didaktiko askotarikoak.

Ibilbide luzeko proiektu bat da, eta ikastetxeak bi ikasturtez jarraian parte hartzea dakar. Lehenengoan programan parte hartuko duten irakasleen prestakuntza eginen da, eta ikastetxeko gela ezberdinekin lantegiak eginen dira ikasleak motibatu eta gaiak curriculumean errazago txertatzeko. Ikastetxeak ez badu baratzerik, ikasturte horretan sortuko da, eta talde eragile bat eratuko da ikastetxeko zuzendaritza-taldeak eta hezkuntza-etapa bakoitzeko irakasleen ordezkariek osatua.

Lehengo urtetik aurrera, ikastetxeak beren ‘Baratzearen eguna’ ospatuko du, eta Iruñeko Udalaren Ingurumen Hezkuntzako lantaldeak antolatzen duen Iruñeko eskola-baratzeen topaketan parte hartuko du. Bigarren ikasturtean irakasle berriendako prestakuntza prozesuak ireki eta proiektuaren jarraipenerako bilerak eginen dira. Hirugarren urtetik aitzina, ikastetxeek segituko dute Iruñeko baratze ekologikoen sareko kideak izaten, eta horrek bidea emanen die aldian behin baratzeko jarduerei buruzko informazioa jasotzeko eta esperientziak zein sor litezkeen beste ekimen batzuk elkarri trukatzeko xedez egiten diren eskola-baratzeen topaketetan parte hartzeko.