Aranguren

Arangurengo Udaleko Euskara Zerbitzuak 2021eko maiatzerako buletin berri bat kaleratu du matrikulazio, kirol, ekitaldi, beka etab. buruzko informazioarekin.

Aranipuinak proiektu berria ere aurkeztu du, bailarako ibilbide toponimikoei buruzkoa. Osasun egoera dela eta, aurten ezingo da Euskararen Astea normaltasunez ospatu. Horregatik antolatu du Arangurengo Euskara Zerbitzuak Aranipuinak egitasmoa.

5 ibilbide eta 5 ipuin dira, familian euskararen historia eta ibarreko bitxikeriak ezagutzeko. Aranguren, Labiano, Zolina, Taxonar eta Mutilva zeharkatzen dituzten 5 ibilbide toponimiko dira. Herri hauek hautatu dira haraneko biztanleria handiena dutenak direlako. Bost ipuin, bost ibilbide eta ipuin eta ibilbide bakoitzari probetxu handiagoa ateratzeko proposamenak www.aranguren.es/aranipuinak webgunean daude eskuragarri.

Bestalde, Arangurengo Udaleko Ingurumen Zerbitzuak ere buletin berri bat kaleratu du 2021eko maiatzerako, nobedade, tailer, proiektu, prestakuntza eta abarrei buruzko informazioarekin. Honen barne, bihartik maiatzaren 25era arte, 11etatik 13etara, Naturan mugimendua eta adierazpena lantzeko tailerra eginen dute Taxoaren. Parte hartzeko, erroldatuek 15 euroko tasa ordaindu beharko dute, eta 25 eurokoa besteek. Izen emateak, telefono bidez egin beharko dira. Dantza libre eta espontaneoaren bidez, gorputz eta arte adierazpenaren bidez, gorputz kontzientziako ariketak eginez, arnasketa baliatuz eta abar, osasun eta ongizate espazio bat sortuko dute natur munduarekiko lotura berreskuratzeko. Parte hartzeko, ez da dantzan jakin beharrik.

Horretaz gain, Sendabelar eta haien erabilera tradizionalak ezagutzeko ikastaroak ere eginen dituzte maiatzaren 13tik ekainaren 3ra. Bi ordutegi eskainiko dira, bata goizez, eta arratsaldez bestea. Sarrerak ere telefono bidez eskuratu beharko dira eta gaur izanen da horretarako azken eguna. Erroldatuentzat 45 euroko prezioa izanen du ikastaroak eta 70 eurokoa besteentzat. Aranguren Ibarreko sendabelarrak zein diren eta nola biltzen diren ikasiko da mendian, bai eta botikin natural bat prestatzen ere.

Bestalde, Kosmetika naturalari buruzko tailerra ere eginen dute maiatzaren 14ean arratsaldeko 5:30etatik 8:30etara. Honek, 12 euroko prezioa du erroldatuentzat eta 17koa erroldatu gabekoentzat. Sendabelarrak, olio esentzialak eta bestelako osagai naturalak erabiltzen ikasiko da izpilikuarekin aurpegiko serum bat prestatzeko, eta arrosekin eta kamamilarekin, berriz, krema hidratagarri bat egiteko.

Maiatzaren 14ean ere, Gaueko irtenaldia antolatu dute Graellsia tximeleta ikusteko. 21:30etan hasiko da jarduera eta doakoa izango den arren, aldez aurretik tokia erreserbatu beharko da. Izen emateko azken eguna gaur izango da.

Eta aipatutakoaz gain, maiatzaren 15ean baratze ekologikoaren inguruko tailerra eginen da doan erroldatutakoentzat. Hori bai, maiatzaren 12a baino lehen izena eman beharko dute inteersatuek.

Gaia aldatuz, Babes ofizialeko etxebizitzen premiari buruzko inkesta kaleratu du udalak, eta bai fisikoki udaletxean bertan edota online bete daiteke.

Bukatzeko, Aranguren Telebistak Lino Otano omendu du dokumental batekin. Dokumentalak egiten duen ibilbide bizi hau bere haurtzarotik eta seminariotik igarotzen da, lankideen, lagunen eta bailarako jendearen testigantzak jasoz, baita bere adierazpen propioak ere. Hortaz, Aranguren Telebistan aurki daiteke.