Iruñean, Energia berriztagarrien aholkularitza bat, herritarren partaidetzako proiektuak garatzeko beste bat edota higiezinen merkaturako ikus-entzunezko edukiak sortzeko enpresa bat dira Udalaren laguntza ekonomikoari esker aurten hirian abian jarri diren negozio berrietako batzuk. Ekintzaile gazteendako dirulaguntzen ildoak, zeinak aurten 60.000 euroko aurrekontua baitu, iaz baino % 20 gehiago, entzumenaren nahasmenduan espezializatutako kabinete bat eta aseguru-agentzia bat ere sortzea sustatu du.
Urteko lehen ebazpenean jasotako bederatzi proposamenetako batzuk dira, non 16.088 euro erabili baitira. Bigarren ebazpena uda honetan bertan eginen da eta hirugarren aukera bat egonen da 2021eko azken hiruhilekoan, negozio bat abiatu nahi duten gazteek funtsak lortzeko. Oraindik denbora dago enpresa-proiektuei/amets pertsonalei zifrak eta edukiak jartzeko, dirulaguntza horietara proiektuak aurkezteko epea ez baita urriaren 10era arte itxiko.
Udalak urteak daramatza gazte-ekintzaileen alde lan egiten. 2002an sartu zen lehen aldiz Udalaren Gazteria Planean laguntza-ildo hori, ‘Autoenplegua bultzatzea’ izenarekin, eta orduz geroztik, gazteen proposamenak adierazle egokiak izan dira enplegu-sorguneen eta gizarte premien aldaketen berri izateko. Udalaren dirulaguntzen xedea gazteen enplegagarritasuna hobetzeaz gain, hiriko enpresa-ehunaren dibertsifikazioa eta berrikuntza bultzatu eta aukera berdintasuna sustatzea da. Iaz diruz lagundutako 28 negozioetatik % 61 emakumeen proposamenak izan ziren.