Eguesibarreko Udaletik aurtengo ekintzen programazioa aurkeztu dute azaroaren 25a, emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna, ospatzeko.

Eguesibarko genero-indarkeriaren aurkako 1. erakusketa: “Elkarrekin beldurraren aurrean” izanen da. Jarduera jardunaldi bat egingo da azaroaren 28an (igandea), eta honako hauek hartuko ditu barnean: profesionalek genero-indarkeriaren inguruan emandako hitzaldiak, babes-mekanismoen erakustaldiak, autodefentsa pertsonaleko tailerrak, bai eta hainbat stand jartzea ere, non herritarrek Eguesibarreko hainbat kirol-elkarte eta -klub ezagutzeko aukera izango duten, horiek babes- eta prebentzio-sare gisa jarduten baitute.

“Berdintasuna praktikatzen” tailerra ere egingo dute. Tailer honetan emakumeen aurkako indarkeria aztertuko da kirol-munduan. Hala, ikus-entzunezko materiala ikusi eta arlo horretan emakumeen aurkako indarkeriarik ote dagoen eztabaidatuko dute. Ondoren, azken olinpiar jokoei buruzko albisteen analisia egingo da, eta, azkenik, kirol triviala egingo da.

Genero-indarkeriaren aurkako marrazki-lehiaketa ere izanen da. 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako lehiaketa, adierazpen artistikoaren bidez irudimenari, sormenari eta behaketari bide emateko. Horretarako, esaldi bat erabiliko da, genero-indarkeriaren aurkako borrokaren ideia islatzeko. Lehiaketaren oinarriak eta informazio osoa online aurki daitezke.

Gazteen eztabaida bat ere burutuko dute. “Zergatik batzuetan ez dugu erreakzionatzen genero-indarkeriaren aurrean?”: helburua da gazteek beren ikuspegia eman ahal izatea genero-indarkeriaren kausei eta ondorioei buruz, eta, aldi berean, konponbideak bilatzeko zereginean jartzea, ikuspegi berri bat eskainiz.

Genero-indarkeriaren biktimak oroitzeko ekitaldi bat ere izanen da. Ekitaldi horretan, manifestua irakurriko da, musikak lagunduz (biolina eta gitarra). Ondoren, lore-eskaintza egingo da azaroaren 25eko etorbidean. Eta azkenik, Kontzertua izanen da, “bat gehiago ere ez”: Eguesibarreko udal musika eskolak egingo du, eta eskolako irakasle eta ikasleak izango ditu protagonista, pianoaren, perkusioaren, gitarraren, baxu elektrikoaren eta ahotsaren beraren bidez abestien errepertorio handia distirarazteko. Ordubete inguru iraungo du eta sarrera librea izango da lekua bete arte.

Eta horretaz gain, asmakizun logikoen lehiaketa eta matematika erronkak helarazi dituzte udaletik. Online eskura daitezkeen inprimakiak bidaltzeko epea azaroaren 29ra arte egonen da zabalik. Azaroaren 30ean postontziak jaso eta erantzunak argitaratuko dira, eta abenduaren 1ean jakinaraziko dira saridunak. Erantzun-inprimakiak Olazko eta Sarrigurengo liburutegietan eta udaletxean aurkez daitezkeela, edo posta elektronikoz bidali.