Iruñeko Udalak epea ireki du euskara ikasteko eta hobetzeko diru-laguntzak eskatzeko, 45.000 euroz hornituak. Eskaerak aurkezteko epea desberdina da, ikastaroa noiz egin denaren arabera. Ekainaren 28ra arte aurkeztuko dira 2020ko urritik 2021eko ekainera bitarteko prestakuntzetarako eskaerak, eta abuztuaren 30etik irailaren 30era arte, uda honetako ikastaroetarako. Ikastaro estentsiboak, trinkoak, barnetegiak, autoikaskuntza-ikastaroak eta onlineko prestakuntzak barne hartzen ditu.

Deialdiaren zenbatekoa, 45.000 euro, bitan banatu da: 35.000 euro, 2020ko urritik 2021eko ekainera bitarte egindako ikastaroetarako, eta 10.000 euro, uda honetan egindako prestakuntzetarako.

Deialdiaren oinarriak 121. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren, maiatzaren 25ekoan, eta kontsulta daitezke Udalaren webguneko ‘Laguntzak eta diru-laguntzak’ atalean. Eskaerak edozein udal-erregistrotan aurkeztuko dira.

Diru-laguntzak jaso ahalko dituzte 16 urtetik gorakoek edo adin hori 2021ean betetzen dutenek, betiere Iruñean erroldaturik badaude diru-laguntza zer ikastarotarako eskatu eta hori hasi baino urtebete lehenagotik, gutxienez, eta horrek irauten duen bitartean, eta gutxienez ikastaroko ikastorduen % 75era bertaratu badira. Onlineko ikastaroen kasuan ordu-kopurua ezarriko da, mailaren arabera, gutxieneko bertaratzea kalkulatzeko.

Diru-laguntza, gehienez ere, egindako gastuaren % 80 izanen da, eta ezin izanen du 500 euro baino gehiago jo, ikastaro bakoitzeko, eta 1.500 euro, eskatzaile bakoitzeko, barnetegiak salbu; horien kasuan, 750 euro ezarri da maila bakoitzeko, eta 2.500 euro, pertsona bakoitzeko. Diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira ikastaroaren matrikularen zenbatekoa zein barnetegi baten instalazioetan egotearen zenbatekoa.

Diru-laguntza jaso ahal izateko ikastetxe homologatuek antolatutako ikastaroak izan beharko dira. Horrek barne hartzen ditu euskararen irakaskuntzarako zentro ofizialak, Nafarroako Gobernuaren Erregistroan izena emana duten helduentzako irakaskuntza eskaini eta diruz lagunduta dauden ikastegiak eta Euskal Autonomia Erkidegoko HABE institutuak homologatutakoak.