1. Iruñeko Udalak 2022ko lehen hiruhilekoan emanen ditu PCHk Descalzos kaleko 33-35 zenbakietan ostatu emateko sustatzen dituen zazpi etxebizitzak . Descalzoseko 33-35 zenbakietako eraikina izanen dena bigarren solairura arte eraiki da dagoeneko. Obrak eraikuntza fasean daude, lehendik zegoen eraikina aurreko udan eraitsi eta zegozkion ikerketa arkeologikoak egin eta eraikin berriko zimenduak jarri ondoren. Eraikiko den eraikinak beheko solairua, 3 solairu eta teilatupea edukiko ditu, eta eraikinaren behean merkataritza-lokal bat egonen da, horren erabilera oraindik zehaztu gabe dagoen arren. Iruñeko Udalak 2022ko lehen hiruhilekoan eraikinak izanen dituen zazpi etxebizitzak emanen ahalko ditu, eta Iruña Biziberritzen-PCHk kudeatzen duen hiria berroneratzeko Alde Zaharreko Etxebizitza Planetik datozen pertsonei ostatu emateko aurreikusita daude.

PCHk hiriko gune horretan lurzatiak elkartzea sustatu du, eta lehendik zeuden eraikinak berritu ditu, eraikin berrian egungo eraikuntzaren berezko eraikuntza-baldintzak betetzen laguntzeko: etxebizitza irisgarriak, egungo bizigarritasun-baldintzak eta jasangarritasun-irizpideak dituztenak, eta kontsumo ia nuluko eraikina

2. San Pedro Etxe-Multzoan birgaitu diren beste hamahiru etxebizitza gehitu dira aterpe-premian dauden pertsona eta familia-unitateei bideratutako udal-etxebizitzen poltsara. Azken hilabeteetan, Iruñeko Udalak Arrotxapeko San Pedro Etxe-Multzoko beste hamahiru udal-etxebizitzen birgaitzea bukatu du aterpe-premiako egoeretara zuzentzeko xedez. Jarduketa horien aurrekontua, guztira 700.000 eurokoa da, eta bi kontraturen bidez egin dira.

Blokean sei etxebizitza daude, behean eta bi solairutan banatuta, eta 60 metro koadrotik gorako azalera dute, hiru logela, egongela, sukaldea eta komunarekin. Zaharberritutako beste zazpi udal-etxebizitzak Marcelo Celayeta etorbideko eta San Pedro Etxe-Multzoko hainbat portaletan daude.

Etxebizitza bakoitzean, sukaldea eta komuna guztiz berritu dira, adreilu soileko trenkadak bota eta haien ordez adreilu hutsekoak eta pladurrekoak jarrita, hala behar izanez gero. Kanpoko arotzeria ordezkatu da aluminiozkoa den eta zubi termikoaren haustura duen batengatik, eta alikatatu eta zoladura berriak jarri dira. Hornidura-instalazioak, elektrizitatea, gasa eta ura kasu, indarrean dagoen araudiari egokitu zaizkio, eta etxebizitzak berokuntza sistemaz hornitu dituzte.

San Pedro Etxe-Multzoan Iruñeko Udalaren jabetzakoak diren 42 portale eta 235 udal-etxebizitza daude. 2015. urtetik, Proiektu Estrategiko eta Obretako Alorretik 160 etxebizitza birgaitu dira guztira, azken hilabeteetan bukatutako hamahiruak barne. Horiei hamar gehiago gehitu beharko zaizkie, duela bi aste horiek zaharberritzeko lizitazioa egin baitzen. Hori horrela, urtearen amaieran 170 izanen dira zaharberritutako etxebizitzak eremu horretan. Udal zerbitzuek ere, hala nola, Lantegi Eskolek, Gizarte-enpleguak eta Etxebizitza Bulegoak lan txikiak egin dituzte beste etxebizitza batzuetan, bizigarritasun-baldintza egokietan uzteko.