Iruñeko Udalak maiatzean abiatuko du tokiko merkataritza laguntzeko ekimen berria: ‘Iruñeko merkatariak, plazara!’. Asteburu honetan emanen zaio hasiera programari, eta aurreikusita dago hilean behin egitea, ostiral arratsaldean eta larunbat goizean, hiriko merkatarien elkarteekin elkarlanean. Horrela, maiatzaren 7an eta 8an, izena ematen duten Iruñeko saltokiek beren produktuak kalera ateratzen ahalko dituzte, establezimenduen atean, bere merkataritza-eskaintza ezagutzera emateko, Udalaren baimena baitute hori egiteko.

‘Iruñeko merkatariak, plazara!’ ekimena, osasun krisia baino lehen, 16 urtez ‘Merkataritzarekin, hiria, hiriago’ programa egin zen hilabete berean eginen da. Adin guztietarako jarduerak eskaintzen zituen erdiguneko eta Iruñeko auzoetako hainbat merkataritza-gunetako kaleetan. Iaz, pandemia eta konfinamendua zirela-eta, ezinezkoa izan zen kalean ekitaldiak antolatzea. Egungo osasun-egoerak ere ez du aukerarik ematen kaleetan eta plazetan jende-pilaketak sortuko dituen ekintzak diseinatzeko; beraz, merkataritza sustatu eta osasuna babesten dituen ideia honen alde egin da.

Parte hartu nahi duten saltokiek bere elkartearen bidez eman dezakete izena, eta ezein elkartekoak ez direnak Merkataritza eta Turismoko Alorrarekin harremanetan jarri beharko dira izena emateko, mezu elektroniko bat bidalita

‘Iruñeko merkatariak, plazara!’ ekimena establezimenduaren ateetan produktua erakustean datza, arreta deitzeko eta hurbileko saltokien eskaintza herritarrei gerturatzeko. Horrela, gune irekietan erosketak sustatu eta establezimenduen barruan bezero-pilaketak murriztuko dira.

Jardueran parte hartu nahi duten negozioek honako baldintza hauek bete beharko dituzte: lokalaren fatxadak dituen metro linealak baino gehiago ez okupatzea eta bi metroko sakonera ez gainditzea. Eguraldi onean antolatzen denez, ezinen da karparik, megafoniarik eta giro-soinurik instalatu. Gomendatzen da altzari arinak ateratzea, hala nola esekitokiak, mahaitxoak eta erakustoki txikiak, atariko zein beste lokaletarako sarbidea oztopatzen ez dutenak. Merkataritza-jardunaldia amaitzean kendu beharko dira.

Oinezkoek gutxienez 2 metro zabal izanen dute espaloitik pasatzeko; beraz, ezinen dira 2 metro baino gutxiago dituzten espaloiak erabili. Erosleen arteko tarteak 1,5 metrokoa izan behar du. Azkenik, ezinen dira bide publikoan erakutsi ezta saldu ere hotzean gorde behar diren elikagai freskoak. Ekimen honetan izena ematen duten elikadura-establezimenduek Osasun Ikuskaritzak kasu bakoitzean egoki jotzen dituen jarraibide osagarriak bete beharko dituzte.

Udaltzaingoak egiaztatuko du kalean dauden establezimendu guztiak ekimenaren parte direla. Jarduera auzo guztietan eginen da, baina merkataritza elkarteak dituzten auzoetan establezimendu gehiago egonen direla aurreikusten da, hala nola Alde Zaharrean, Zabalgunean, Iturraman, Martin Azpilcueta Donibane Merkataritza-gunean, Ermitagañan eta Mendebaldean, Sanduzelain, Arrotxapean, Txantrean eta Mendillorrin.

Eta gaia aldatuz, Iruñeko Udalak, Go Green Iruña estrategiaren barnean, baso autoktono bat landatuko du Agustinos poligonoko 4,1 hektareako lurzati publiko batean, egun landaretza espontaneoz beteta baitago. 3 urteko epean eta 2021ean hektarea batean 665 ale zein zuhaixka-espezie landatzen hasita,, Iruñean CO2-aren xurgapenean aurrera egitea ekarriko du zuhaitz-hornidura honek, hiriko berotegi-efektuko gasen isurpenen balantzea, hau da, “karbono-aztarna” hobetuz, eta hirian zuhaitz eremu berri bat sortzeaz gain biodibertsitatearen alde eginez.

Aurreikusita dagoenaren arabera, hiri parke gisa kalifikatutako gune hori  birnaturalizatuko da, bertan baso bat sortuz, zenbait zuhaitz-espezie landatuta, hala nola ametz ilaunduna, zumarra, astigarra, urkia, intxaurrondoa eta serbala, sasitza autoktonoaz gain. Isurpenak konpentsatzeko proiektuaren baldintzak kontuan harturik, basoa basogintza-kudeaketako plan propioaz hornituta dago, zeina Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioaren laguntza teknikoaz egin baita.

Lanak udazkenean hasiko dira lurzatiaren hegoaldeko zatian, eta, aurten, 700 zuhaitz inguru landatuko dira. Baso-masa hurrengo bi urteetan 1,5 hektareatan handitzea aurreikusten da, landatutako 4 hektarea bete arte.