Iruñeko Udalaren Energia Agentziak jarraibideak emanen dizkie herritarrei etxeetan energia-gastua murriztu ahal izateko eguneroko keinu errazak eginez,enpresa elektrikoarekin kontratatzeko baldintzak aztertuz edo energiaren autokontsumoaren bidez. Eta, guztira, doako hamahiru jardunalditan eginen da urrian, azaroan eta abenduan zehar hiriko hainbat tokitan. Hitzordu horiek erabat praktikoak izanen dira; izan ere, bertaratuek beren zalantzak eta galderak argitzen ahalko dituzte eta argindarraren faktura eramaten ahalko dute, aditu batek eginen dituen analisien oinarri izan daitezen.

Lantegi horien bidez, Iruñeko Udalak etxeetan energia erabiltzeko gaitasuna eman nahi die pertsonei, etxean energia aurrezteko aholku errazak emanez. Bertaratuek jarraibideak jasoko dituzte argindarraren eta gas naturalaren fakturaren kontzeptuak ulertzeko eta eskaintzak alderatzeko gai izateko. Ikuspegi ekonomikotik haratago, Udalak herritarrak sentsibilizatu nahi ditu energiaren erabilerak ingurumenean duen eraginaz. Kontzientziazio-lan hori, ‘Go Green Estrategiak’ ardatz dituen puntuetako bat da, zeinak hirian klima-aldaketaren aurka egiten diren esku-hartze guztiak biltzen baititu.

Lantegi horien gakoetako bat da emanen diren hizkera eta tonu hurbila, kontuan hartuta herritar guztiei zuzenduta daudela, eta ez dela beharrezkoa aldez aurretik inolako ezagutzarik izatea tailer horietan parte hartzeko. Bertaratutakoen parte-hartze aktiboa sustatu nahi da, eta beren fakturekin joateko ere gonbidatzen zaie, elkarrekintza eta ikaskuntza komuna sustatzeko. Lantegiak ordu eta erdi eta bi ordu arteko iraupena izanen du eta Sergio Echarte industria ingeniari teknikoak eta ingeniari mekanikoak emanen du. Berak gidatuko du erakusketa nagusia eta, ondoren, azaldutako gaiei eta fakturei buruzko zalantza zehatzei erantzunen die.