Iruñeko Udalak proiektu eta jarduera kulturalak egiteko deialdiak berrantolatu ditu, bitan banatuz: bat, irabazi asmorik gabeko kultur entitateendako, 339.000 euroko zuzkidurarekin, eta bestea, enpresendako, 100.000 euroko aurrekontuarekin. Oinarriak onetsita eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko daude. Orduantxe aurkezten ahalko dira eskaerak, hilabete batez. Gainera, azpimarragarria da, diru-zuzkidura %38 handitu dela 2020ko urtarriletik.

Udalak baliotsutzat jotzen du hiriaren garapen kulturalari laguntzea, zuzenean garatu ezin dituen eta beste erakunde eta enpresa kultural batzuek egiten dituzten jarduerak diruz lagunduz. Horrela, kultura-ehunaren hazkuntza bultzatu nahi da interes orokorrekotzat jotzen diren eta Iruñeko herritarren bizi-kalitatean eragiten duten proiektuak lagunduz. Elkarte eta industria kulturalentzat oso garrantzitsua da administrazio publikoek diru-laguntzak ematea, proiektuak bermeaz egiteko behar diren diru-sarrerak osatu ahal izateko, espediente honen udal-txosten teknikoak jasotzen duen moduan.

Deialdien helburua da proiektu eta ekimen kultural eta artistikoan garapena erraztea, hartara suspertuta tokiko kulturaren sorkuntza, ekoizpena, hedapena, kontserbazioa eta kudeaketa, adierazpen askeaz eta aniztasunaz, eta herritarrei hurbiltzeaz gain. Baita kultura-langileen profesionalizazioa, artistak eta kultura-eragileak kudeatzeko eta proiektatzeko jardunbide egokiak, eta proiektu horiek sustatzen dituzten pertsonak eta entitateak kudeatzeko egiturak mantentzea, kulturaren ekonomia bultzatuz.

Antolamendu berriaz gain, iaz egin ziren hainbat aldaketa finkatu dira. Adibidez, gastuen justifikazioa aurkezteko epe bat gehitu da, urriaren amaieran, jarduketa bukatu duten entitateek ordainketaren bigarren partea lehenago kobratu ahal izateko. COVID-19ak sortutako egoera kontuan hartuta, zeinak kultura-jardueren garapenean eragin baitu, onartuko da, salbuespenez, zeharkako gastuak proiektuaren % 25 izatea eta justifikagarritzat onartuko dira alarma egoeraren ondorioz egin izan ezin diren jarduerei dagozkienak.

Berrikuntzen beste adibide bat balorazioa da, non puntuazioak doitu baitira sareen lanari eta publikoak erakartzeari balioa emateko eta Agenda 2030era eta Garapen Jasangarrirako Helburuetara (GJH) egokitzeko. Azkenik, 40.000 euro baino gehiagoko proiektuei ordainketaren % 100 aurreratu zaie.