Iruñerriko Mankomunitateak, Atarrabiako Udalarekin elkarlanean, kastoreen jardunak kalte egindako zenbait zuhaitz detektatu ditu herri horretako udal-igerilekuen eta Arreko Hirutasunaren arteko zatian, Ultzama ibaiaren eskuineko eta ezkerreko ertzetan.
Inguru horretan egindako ikuskatze-lanaren ondoren, eta pasealekuko erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko helburuarekin, erortzeko nolabaiteko arriskua duten lau makal-ale moztea erabaki da. Moztutako enborrak zatikatuta utziko dira ibaiaren ertzean, kastoreek elikatzeko erabiltzen jarraitzeko aukera izan dezaten. Eta horrez gain, inguru horretako gainerako zuhaitzak babesteko, olioarekin eta hondarrarekin egindako nahastura bat aplikatuko zaie, zuhaitzetarako eta kastoreentzat “errespetuzkoa” den neurri bat.
Halaber, udazkenean, kastoreen jarduna are biziagoa denean, jarraipena egingo da Iruñerriko Ibai Pasealekuaren ertzetan, zuhaitz guztien egoera egiaztatzeko.
Babes Bereziko Erregimenean dagoen basa-espeziea
Kastore europarrarena da Ibai Parkearen garrantzia, faunaren bide natural gisa, eta bertan sartzen diren herrien konexioa agerian jarri duen espezieetako bat. Gainera, joan den urteko abenduaren 1az geroztik, Babes Bereziko Erregimenean dauden Basa Espezieen Zerrendan sartuta dagoen espeziea da (314. zenbakiko EAO, 2020ko abenduaren 1ekoa).
Kastore europarra Iberiar penintsulako espezie autoktonoa da, gehiegizko ehizaren ondorioz desagertu egin zena garai historikoetan. Ibaiko ekosisteman, espezie giltzarria da, ibaiertzeko landaredia dibertsifikatzea lortzen baitu, adin eta lodiera desberdinetako landaredi-zatiak sortuz, eta bai, zenbaitetan, hezegune txikiak eta egur hilaren pilak ere. Elementu horiek fauna-aberastasuna laguntzen dute –adibidez, anfibioak eta arrainak– eta mehatxupean dauden beste espezie batzuentzat oso habitat interesgarriak dira, hala nola, bisoi europarrarentzat.
Iruñerriko Mankomunitateak agindutako eta aurtengo urtearen hasieran ezagutzera emandako azterlan baten arabera, kastoreen 12 eta 14 familia-talde artean daude banatuta Iruñerriko Ibai Parkean. Zehazki, espezie horren presentzia Iruñea, Barañain, Arazuri, Burlata eta Atarrabia udalerrietan detektatu da.
Egindako azterlanen arabera, kastorea parke osoan bizi da eta ez da harritzekoa udako hilabeteetan bera ikustea eta bai bere lanak ere, karraskatze-arrasto moduan edo, muturreko kasu batzuetan, botata dauden zuhaitz moduan neguko hilabeteetan. Argitu behar da neguan ekosistemako landare-ekoizpenak ezin dituela ase kastorearen bizi-beharrak eta arrazoi horregatik karraskatzen dituela zuhaitzak eta zuhaixkak, enborren eta adarren azalak jateko.