Musika eskolan, jardunaldi irekia eginen dute. Seme-alaben musika trebakuntza interesgarritzat jotzen duten familiek, baita hala nahi duten pertsona heldu guztiek ere, Musika Eskolaren funtzionamendua eta hezkuntza eskaintza ezagutzeko aukera izanen dute maiatzaren 12an, 18:00etan, asteazken horretan jardunaldi irekia izanen baita eskolan. Halaber, ikasgaiei buruzko eta 2021-2022 ikasturteko, matrikulazio epeari buruzko argibideak emanen dituzte.
Gaia aldatuz, Gobernu Batzordeak 2021eko apirilaren 28an erabaki zuen Berriozar etorbideko 24ko lurpeko garajeko 23. zenbakiko garaje-plazaren alokairu kontratua esleitzeko prozedura irekitzea eta eskaintzak aurkezteko azken eguna, maiatzaren 14a, 14:00etan, izango da, Berriozarko Udal Erregistroan.
Bestalde, larunbat honetan, elektrical body dantza ikuskizunaz gozatzeko aukera izanen da arratsaldeko 7etan entzunaretoan 5 euroko sarrera ordainduta. Dinamo Danza taldearen Electrical Body ikuskizunak lotuta atxikitzen gaituzten indar elektromagnetikoen edertasuna erakusten du mugimenduaren bidez.
Nicola Teslak eta argiari nahiz elektromagnetismoari buruz egin zituen azterlanek piztu dute sormen prozesua. Zientziak garatu dituen hainbat kontzeptu dantzara ekarri eta koreografia-lan ederrak sortu dira, giza harremanen gaineko irakurketak egiteko bidea ematen dutenak. Dantzak, musikak eta argiak edertasuna oinarri duen unibertso poetikoan murgiltzen dute ikuslea. Mugimenduaren bidez, Electrical Body sorkuntza koreografikoak munduari atxikita gauzkaten indar elektromagnetikoen edertasuna ikertzen du. Elkar erakarri eta aldaratzen diren gorputzak, elkarren harremanetan sartzeko jolasean ari direnak, betiere ikusten ez dugun baina elementu bakoitza konektaturik mantentzen duen indar magikoaren bidez.
Eta igandean, Estitxu Arroyok “La memoria de la carne” ikuskizuna eskainiko du arratsaldeko 8etan, toki berean eta 6 euroko sarrerarekin. 30 laguneko edukiera izango du, eta eszenatokian dantzariaren inguruan jarriko dira.
Formatu txikiko proposamen honek hizkuntza eszeniko berriak ditu adierazpide, eta memoria ardatz. Kameraren bidez familiaren oroitzapenak agertzen dira eta antzinako argazkiak genealogia poetikorako tresna dira. Nafarroako hegoaldeko paisaiaren eta lurraldearen oroitzapenak: lurraren, zuhaitzen eta natura idor, gordin eta ederraren oroitzapenak. Horiek dira Estitxu Arroyoren sustraiak eta, material natural xumeak erabilita, espazioak eta paisaiak birsortzen ditu.
Gorputza natura imitatzen duen esperientzia-espazioa da, nekazaritzarekin, zikloekin eta gizon eta emakume nekazariek utzitako arrastoarekin lotuta baitago. Izan ere, gorputza jarduera eta bizipen guztietarako bitarteko eta tresna da.