Berriobeitin, ostiralean, maiatzaren 14ean, NORDIC WALKING MARTXA eginen dute, eskumakilekin ibiltzen ikasteko. Artikatik abiatuko dira goizeko 9etan zendean barna ibilaldi bat eginez eta izen emateak, Artikako eta Berriobeitiko Kirol Instalazioetan egin daitezke, abonatuek 5 euro ordainduz eta 7€ abonatu gabekoek.

Eta horretaz gain, aurten ere, pandemiaren ondorioz, ezinezkoa suertatu da ohikoa den Euskararen Jaia antolatzea. Helburu ezberdinak ditu jai horrek, baina horietako bat euskarari ikusgarritasun soziala ematea da. Xede horri begira, ohiko jairik gabe, Udalak euskararen inguruko ziklo aberatsa antolatu du, adin ezberdinetako publikori zuzendua. Zikloaren barne,Maiatzaren 24tik ekainaren 6ra, Euskara maitatzen hasteko hitzak erakusketa izanen da, Ekainaren 1ean eta 2an, haurrentzako jolas dinamizatuen bi saio eginen dira kalean, Artikan eta Berriogoitin. Ekainaren 2an, Euskaraldiaren inguruko Biziprest; gehiago gara dokumentala eskainiko dute, Ekainaren 3an, Gurerara bertsolaritza musikalizatua ikuskizuna izanen da, Ekainaren 4an, euskarazko laburmetraien emanaldia, Ekainaren 5ean, flamenkoa euskaraz egiten duen Sonakay taldearen kontzertua eta Ekainaren 6an, Zirika Zirkusen Hemendikara azken ikuskizuna. Jarduera guztiak doan dira eta informazio zehatz guztia agendaren atalean dago eskuragarri.