Iruñeko Udalak antolatutako ‘PamploSound’ onlineko musika jaialdiak bere bigarren edizioa abiatuko du datorren maiatzaren 14an, kasu honetan udaberriaren gaia hizpide hartuta. Ekimen hau pasa den Gabonetan jarri zen martxan musikaren sektorea laguntzeko bide gisa; izan ere, musika bereziki jasaten ari da osasun krisiaren ondorioak, ezinezkoa baita kontzertuak eta ekitaldi jendetsuak egitea. Herritarren erantzun positiboaren aurrean, edizio berri hau abian jarri da hamar kantu berrirekin, eta guztira, 58 musikarik parte hartuko dute, besteak beste Anne Lukin, Iker Piedrafita, Tonino Carotone eta Germán San Martínek.

Hainbat estilotako taldeak elkartu dira, konposatzeko, entsaiatzeko, moldatzeko eta azkenik emanaldi bat egiteko, estilo eta soinu nahasketa horren adierazgarri. Jaialdian egiaztatzen ahalko da nola Anne Lukinek , adibidez, ‘PamploSound’ jaialdiari esker, abiatu ahal izan duen, Los Tenampas taldearekin batera, ‘Operación triunfo’ akademiatik atera zenetik gordetzen zuen gai bat, non kontatzen baitu nola faltan sumatzen duen bere jendea; edo, Monte del Oso taldeak Gorka Urbizurekin batera eta ukitu elektrikoaz konposatutako Suzko bola abestia entzuten ahalko dugu

Hemengo artista batzuk, hala nola Iker Piedrafita, Tonino Carotone, José Ramón García, Gorka Urbizu, Pedro Fernádez Razkin eta Germán San Martín arduratu dira jaialdiaren kartela osatzen duten hamar abestiak sortzeaz, eta horiek pamplosuond.es webgunean entzuten ahalko dira datorren maiatzaren 14tik aurrera. Halaber, ‘Iruña kultura da’ ekimenaren sare sozialetako profiletan elkarrizketak, making-offaren uneak eta artisten gogoeta interesgarriak agertuko dira.

`PamploSound’ edizio honen balio erantsia sormen artistikoaren aldeko apustua eta sustapena da. Ez da artistek eta musikariek bakarrik abestiak interpretatzen dituzten jaialdi bat; izan ere, artistek nahi dituzten abestiak sortzen eta berrikusten parte hartzen dute. Zentzu horretan, Udalak musikaren sektoreari, abeslariei zein musikariei, lagundu ez ezik, tokiko artistei ere balioa eman nahi die, bere sormena erakusten lagunduz, eta horrela gure herrialdean dugun sormenerako moldakortasun handia eta musika-aberastasuna erakutsiz.

‘PamploSound’ jaialdiaren bigarren edizio honetako berrikuntza nagusia da, oraingoan, musika-sorkuntza sustatzea bilatu dela, artistei gonbit eginez jaialdirako pieza berriak sortzeko, edo beren gaietako bati moldaketak eta doikuntzak egiteko, konposizio berriak sortze aldera. Horrela, ekimen honen filosofian sakontzen da, artisten lankidetzaren bitartez, hiriak duen musika-aniztasuna eta -aberastasuna erakustea xede harturik.