Uharterekin hasiko gara. Bai Uharte eta bai Atarrabian, 2021eko Pasarelas hurbiltzen ari da. Gazteak aktibatzeko programa honek, 30 ordutik gorako irteerak, kontratazioak eta inguruneari zerbait emateko aukera eskaintzen du. Lan munduarekin konektatzeko gogoa duten 16 eta 25 urte bitarteko gazteei dago zuzendua eta izena emateko epea maiatzaren 14ra arte egonen da zabalik email bidez. 3 txanda egongo dira: ekainaren 21etik 30, uztailaren 5etik 14ra eta uztailaren 19tik 28ra.

Horretaz gain, Uharteko Konpartsak, 70.urteurrena dela eta, bisita oso bereziak prestatu ditu erraldoiak hurbiletik ikusi, txupetea eman eta beraien historiari buruz zerbait gehiago jakiteko. Bisitak maiatzaren 8, 15 eta 22an izanen dira,  12:30 eta 13:15etan eta sarrerak online ala kultur etxeko atezaintzan eskatu beharko dira.

Bestalde, bihar, familiarteko “Musas y fusas la banda” musika ikuskizuna izanen da arratsaldeko 5:30etan Plazaldeako patioan. Ikuskizuna gaztelaniaz izango da 4 urtetik gorako haurrentzat eta sarrerek 3 euroko prezioa dute. Datorren ostiralean, gainera, maiatzaren 14ean, arratsaldeko 17:15etan, Atarrabiako kultur etxera ateraldia antolatu dute Ugaztetik “Kimera: kaiuko bat…betea” antzerkia ikusteko. Antzerkia 7etan da eta migrazioari eta hemen bizi diren etorkinei buruzko beste begirada bat eskaintzen du. 12 eta 16 urteko gazteei dago zuzendua eta sarrera doakoa da. Jarduera honetan parte hartu ahal izateko, igdandea baino lehen eman beharko da izena Ugazten.

Eta azkenik, datorren ostiralean ere, Berri Txarrak-en Dardara dokumentala eskeiniko dute arratsaldeko 7etan kultur etxean. 12 urtetik gorakoentzat dago gomendatua eta sarrerek 3 euro balio dute.