Zizur Nagusiak sexu-askatasunean eta LGTBI+ ikusgarritasunean aurrera egiteko jarduera-programa aurkeztu du. Zizur Nagusiko Udalak “Zizur anitza da, ezagutzera ausartu” izeneko jarduera-programa antolatu du, maiatzaren 17a, LGTBfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna eta ekainaren 28a, Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna direla eta.
Zehazki, mahai-inguru bat egingo da maiatzaren 20an, zine-foruma maiatzaren 26an eta argazki erakusketa irailean.
Mahai-inguruak ‘Identitateak birpentsatuz’ du izena, eta LGTBI+ Abel Huete ekintzailearen eta Josebe Iturriotz ekintzaile transfeministaren hitzaldiek osatzen dute. Biek ibilbide luzea egin dute genero-aniztasun sexualaren arloko proiektuetan. Solasaldi horretan, LGTBI+ aktibismoak konkistatzen ari dituen erronka berriak aztertuko dituzte, LGTBI+ pertsonek jasaten dituzten diskriminazio ugariei buruz eztabaidatuko dute eta identitate-estrategiei buruzko hausnarketa egingo dute.
Bestalde, zine-forumean bost film labur proiektatuko dira LGTBI+ Zinegoak Nazioarteko Zinemaldiarekin elkarlanean, lesbianismoa, gazteria, dibertsitate funtzionala eta transexualitatea gai hartuta. Xabi Sanchez LGTBI+ aktibista, gizarte hezitzailea, sexologian eta generoan aditua eta Nafarroako LGTBI+ Kontseiluko kideak dinamizatuko du foruma.
Azkenik, irailean, Mar C. Llop argazkilari eta trans* Generem! Elkarteko aktibistaren ‘Eraikuntza identitarioak’ erakusketa izango da ikusgai. Zizur Nagusira iritsiko da erakusketa Transkolore Nafarroako Trans Pertsonen Elkartearen eskutik.